XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

YAGOBA AGIRRE ORBEGOZO "TXIKURI"

(Carmelo Baldako intendente)

Yagoba Agirre Orbegozok, Urrestillako Txikuri pilotari bikainaren seme denak, egungo pilota-panoramako curriculum vitae zabalenetakoa du.

Donostian sortua 1962ko abuztuaren 25ean, luza gabe eman zituen bere lehen pausoak pilota-munduan eta hamar urte besterik ez zuela jokatu zuen bere lehen partidua zuriz, Irun Hiria Torneoan.

Eskuzko lehen partidu hark eman zion hasera bere historial zabalari, eskuz, palaz eta zesta-puntan aritua bait da.

Bere baliabide onak eta jakitateak pieza garrantzitsu bilakatu zuten Herriarteko Torneotarako Donostiaren ordezkaritzan, infantiletan, berehala pasa bait zen palara.

1976an jokatu zuen Yagobak bere lehen Herriartekoa, Jose Mari Bakero lagun zuela.

Beasain kanporatu zuten, baina Oñatiren aurrean erori ziren final-zortzirenetan.

Hurrengo urtean, 77an, beren iharduera nabarmenagoa izan zen, finalerdietara heldu bait ziren.

Finalerdietara bidean Aretxabaleta, Hernani eta Zumarraga gainditu zituzten, baina Azkoitia, ondoren txapeldun bilakatuko zena, gehiegizko gertatu zitzaien Txikuri eta Bakerori.

Urte hartan, hain zuzen, 1977an, Yagoba Estatuko txapeldun jubenil izan zen paletan, ondoren pala-luzeko txapelketa probintziala lortuko zuelarik.

Erreminta honek bideratu zuen profesionaltasunera.

1978ko ekainaren 14an debutatu zuen Carmelo Baldan, Olaetxeak atzelari-lanak eginez, Goitia II.a eta Barandiaranen aurrean, 29-30 galduz partidua.

Bi urteren buruan pala-luzea izan zuen lanbide, bestetan ere aritu arren, hain zuzen berehala hasi nintzen zesta-puntarekin entsaiatzen.

Goizeko zazpiretan joaten nintzen Baldara zestarekin entrenatzera, izkutuan inor entera ez zedin, gero arratsaldean pala-partidua bait nuen. aditzera ematen digu Txikurik.

Saio hauek eman zuten fruiturik, donostiarra zestapuntista profesional gisa estreinatu bait zen 1980ko urriaren 14an Bartzelonan.

Okasio honetan, bere bigarren estriainaldiak garaipenaren zeinua izan zuen, Txikuri-Pedro 30, Robles-Elkoro 26.

Eskuzkoa atzean gelditu zen erabat eta zestak palak baino etorkizun erakargarriagoa zabaltzen zuen Yagoba Txikuriren begien aurrean.